IZARRAK GERTURATZEN
Behin etxe pareko muinoari begiratu nion behetik gora eta
pausoak bata bestearen segidan jarrita bideari ekin nion zuhaitz artean gora.
Bidea erraza zen hasieran baina izerdi tantak sudurrean behera amiltzen hasi
ziren gero eta nire buruari galdetu nion zergatik igo mendi bat? Baina ez nuen
asmatu erantzunik hitzez josten.
Bazen alboko herrian mendi altuago bat. Malkarragoa zen
igotzeko, arriskutsuagoa ere bai baina pausuak hara bideratu zitzaizkidan.
Izerdi tantak sudurrean behera, eta hankek harri artean laprast eta prakak
lokaztuta eta belaunak ubelduta nire buruari galdegin nion zertarako igo mendi
bat? Ez zitzaidan ordea erantzunik otu.
Mendi altuagoetara joateko irrika sortu zitzaidan orduan. Ez
nekien ondo zergatik, baina libre utzi nien zangoei. Izerdi tantak sudurrean
behera, hankek harrietan laprast, eta eskuetako atzamarrak ere urratu
zitzaizkidan haitz artean gora zangoei lagundu nahian eta arnasa ia geldituta
galdera hura sortu zen berriz nire baitan zer dela eta mendi bat igo? Baina ez
erantzunak ez zuen formarik hartu nahi.
Mendi ertz batekin liluratu nintzen hurrengo, hura zen hura
gora igotzea, hura zen zerua labanaz moztea eta bideari ekin nion. Izerdi
tantek sudurrean bera txirrist iturri bat bailira, hankek laprast, belaunak
ubelduta, eskuak urratuta, amildegiaren ertzean laranja koloreko soka batez
soilik helduta gailurrera heldu, jaitsi eta han galdetu zidan lagun batek nire
piura ikusita: Zergatik igo mendira?
- Izarrak gertuago sentitzeko!
TIGREAREN MARRAK
Mundu guztia jakitun zen oihan hartan marrekin jaiotzen
zirela tigreak. Biziak zein baldarrak batzuk, txikiak eta ausartak besteak
denetik zen tigreen artean. Baina ororen gainetik egia bat: tigreek marrak
zituzten!
Egun batean baina, han, oihanaren erdian, mundu guztiaren
harridurarako, marrarik gabeko tigre bat jaio zen. Tigre hark bazuen lagun bat
bekokian hiru marra zituena besteak baino hiru aldiz azkarragoa zena lasterka.
Beste lagun batek bizkarrean zituen marretako bat etenda zuen, behin
txiribuelta bat ematen saiatu eta bizkarrez erori zelako lurrera. Baina gure tigreak
ez zuen marrarik batere.
Inork igo gabeko zuhaitz garai-garai batera igotzen saiatu
zen, lorpen hura gauzatuz gero bere azalean marrak azalduko zitzaizkiola pentsatuz.
Izan ere, ibai hura igerian zeharkatzea lortu zuen lagun hark marra
sigi-sagatsu bat zuen buztanean ibaia bera bailitzan. Baina ezta hurrik eman
ere.
Inor sartu gabeko haitzulo ilun batera sartu zen, baina ezer
ez. Arroila handi bat jauzi bakarrean zeharkatzen ahalegindu zen, baina ezta
ile arrexeago bat ere.
Atsekabetuta itzuli zen bere lagunengana tigrea.
- Gure marrek ez dute gure lorpenekin zer ikusirik esan
zioten marrak gure ingurukoek gugan uzten dituzten arrastoak dira.
Orduan tigre bakoitzak, margo bat hartu eta beren lagunak
haiengan utzitako arrasto haren marra margotu zion azalean.
Marra gorri bat inork baino lasterrago korrika egin zezan
laguntzen aritzeagatik.
Marra berde bat txiribueltak ematen ikasten zuen artean
hainbesteko pazientzia mantentzearren.
Marra more bat igeri ikasten zebilela animoak ematearren.
- Gure marrak zureak dira.
LUR
Guztiaren aurretik, den-dena ilun zegoenean, izarren argia ere urruna eta lausoa zenean, han, unibertsoko txoko txiki batean, ia inork erreparatzen ez ziola neskatila bat esnatzear zen.
Hara eta hona hegan biluzik zegoen ile adats gorri eta luze batean ia guztiz bildurik. Orduan, inork zergatik ez zekiela, zerbaitek esnatu zuen neskatila.
Hazkura sentitu zuen nonbait, eta besoa mugituz, eskua, hatzak, leku hartara hurbildu zituen. Pixka bat gertuago, are hurbilago eta ttak! Han azaldu zen lurra!
- Ai! kili-kiliki egiten didazu - esan lurrak irribarrez.
- Hara, barkatu, bat-batean sentitu zaitut eta... - Neskatoa harrituta zegoen zeharo sekula ez baitzuen inorekin hitzik egin, baina han bere begien aurrean lurra ikus zezakeen, senti zezakeen.
Neskatoa, oinak lurrean, esnatu berritan dantzan hasi zen momentua gozatu asmotan. Hasieran motel eta baldar, gero arin eta lirain eta gero ausart eta gogor. Hankak lurraren kontra kolpatzen hasi zen honekin batera dantzatuz. Hain gogor kolpatu zituen hankak lurraren kontra, hain azkar eta hain sarri, han, bat batean zast! Sua azaldu zen!
- Biba! Biba!- Esan zuten txinparta txikiek neskatoaren hankazpitik saltoka - Biba! Biba! Biba ta dantza!
Neskatila ilegorriak bizi-bizi jarraitu zuen dantzan bere lagun berrien animoek bultzatuta. Burua batera eta bestera, ile adatsa bere baitan baino sentitzen ez zuen melodia hark gidatuta mugitzen zuela, hain leun, hain arin, hain sotil mugitzen zuen, han, derrepente, ufa! Airea agertu zen!
- Uuuufa! Uuuuala! - Esan zuen aireak neskatilaren inguruan jirabiraka.
Gogo handiz jarraitu zuen orduan neskatoak dantzan, zituen azken indarrak ere ahitzeraino. Hain egin zuen dantza luzaro, hain gogoz eta hain suhar bere begien izkinatxotik ateratako zorion malkoak azaletik botatako izerdiaz batu eta han, ustekabean, glup! Ura azaldu zen!
- Hor noa! - Eman zuen abisu urak sudurrean behera txirrist egin eta lurrera erortzear zela.
Neskatila ahituta zegoen zeharo, leher eginda, nekatuta eta hala, inori ezer esan gabe bere lagun berriekin batera bolatxo bat eginda loak hartu zuen berriz.
Horrela sortu zuen Lurra Ama-lurrak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina